jueves, 27 de octubre de 2016

MONTAUBAN | MUSEOA | hasiera

Erreferentziak + lehen hausnarketak = Hasierako ideiak

Oin librea, espazio irekiak, eraikin isolatua, eremuaren inguratzailea, tarte harremanak, lurrarekiko isolamendua, kanpo azal jarraia...


viernes, 14 de octubre de 2016

ALBI HAUSNARKETA | amaiera emateko...

Lan prozesu berri honi amaiera eman diogu gaur. Lan prozesua berria dela diot maketan lan egiteko prozesua izan delako eta guretzako laugarren mailan egonda nahiko ezezaguna delako. Aurreko post batean aipatu nuen bigarren mailako proiektuetan ideia maketekin lan egin nuela baina hau ez da gauza bera. Hasi hasieratik maketak gure ideia garatzen lagundu behar izan digu eta klasean ikusi den bezala, ez dugu helburua guztiz lortu. Nire ustez orain arte erakutsi dizkiguten metodoen adierazle bat da, ondorio bat, eta beharbada lehenago hasi beharko ginateke horrela lan egiten ikasten "bizioak" alde batera uzteko. Joera naturala egiten zaigu, edo niri gutxienez, ideiak krokisetan hastea.

Metodoa alde batera utzita, nire lanari buruz hausnartu dut besteen lanak ikusten egon garen bitartean. Ideia adierazteko moduarekin gustora geratu naiz. Uste dut nik adierazi nahi dudana maketan ikusten dela. Baina ideiaz gain agian sortu dudan egiturak ematen dituen aukerak adieraztea falta izan zait, edo gutxienez nik gehiago aztertzea. Uste dut sortu dudan egiturak hainbat posibilitate izateak egin dudan lehen edo bigarren saiakerarekin konformatzera eraman nauela. Eta gehiago sakonduz seguruenik askoz ere lan aberasgarriagora iritsiko naizela. Gainera maketarekin lan egiterako orduan apur bat galduta sentitu naizela aitortu behar dut. Gauza batekin hasi eta bapatean ideia bat edo beste aldatzean berriro hasi behar izatea ez da normalean maketekin izaten dudan harremana. Baina aberasgarria iruditu zait, batez ere materialtasuna deskubritu dudalako eta ideiak eskuekin adierazten ikasi dudalako.

jueves, 13 de octubre de 2016

ALBI | espazio hutsaren berrantolaketa




Santa Cecilia katedralak inguruan duen hutsunea okupatzea eta aldi berean eraikin honen zurruntasuna apurtzea izan da nire helburu nagusia aste hauetan zehar. Bertan egon izanaren esperientziak ikaragarri lagundu du espazioaren pertzepzioa lortzeko orduan eta batez ere alderdi kritiko batetik soluzioak bilatzeko nahia piztean.

 Maketan lanean geometriak eman dizkidan aukerak deskubritzen ibili naiz. Era honetan, aurrekoan esan dudan moduan, funtzionaltasuna bilatu dut formaren garrantzia galdu gabe, eta nire interbentzioak espazioari emango dion estetika zainduz. 

Tetraedro oso edo erdien arteko konbinaketa honek plazan gertatu daitezken egoera ezberdinei erantzuna emango die. Tarteka estaliz, ikusleentzako eserlekuak jarriz, edo egituratik artelanak eskegiz, etengabeko aldaketak jasango ditu; bizirik egongo da.






Maketan erabilitako materialek plaza honekiko daukadan iritzia islatzea dute helburu. Katedralaren zurruntasuna, buztin gogortua, eta egitura arina, zurezkoa.

Gainera egitura desmontagarria eta mugikorra izango da zati batzuetan. Elementu mugikorrek egitura osoa guztiz konpaktatu edo kontrara plazan zehar sakabanatzeko aukera emango dute. Momentu bakoitzean beharren arabera konfiguratuko dira.




miércoles, 12 de octubre de 2016

INSPIRAZIO APUR BAT...

Plazan sortuko diren espazio berriak konfiguratzeko garaian elementu geometriko egonkorrenera jo dut; triangelura. Forma soil baten erakusketa ez ezik, funtzionala den gune bat ere izango da, eta hori ez dut prozesuan zehar ahaztu behar. Baina aitortu behar dut forma honek ematen dituen posibilitateak bilatzeko garaian erabilerak ahaztu eta estetikara eta eskultura funtziora joaten zaidala burua. 

Formarekin jolastuz eta erabilerak kontuan hartuz elementu ia eskultoriko batera heltzea da nire helburua, katedralak daukan zurruntasunarekin apurtzeko eta plazari beste nortasun bat emateko.

Hona hemen inspirazio iturri izan diren zenbait lan. 

DION HORSTMANS-en eskulturak


M. C. ESCHER -en modelo geometrikoa






miércoles, 5 de octubre de 2016

ALBI | maketa lantzen...

Nire proposamena lantzeko maketan lehen urratsak ematen hasi naiz. Ideiaren oinarria katedralak duen monumentaltasun eta zurruntasunari kontra egitea izan da eta egitura arin eta efimero baten bidez plazaren espazio irekia okupatzea. 

Erabilera anitzeko espazioa izanik egitura aldakorra eta desmuntagarria izango dela erabaki dut, sistema bera erabiliz edozein motatako espazioak sortzeko aukera izan dezan. Maketan lehen forma batzuk lortzeko egitura alanbriko hau sortzen hasi naiz. Katedral zurrunaren inguruan ia anekdotikoak diruditen kable finek triangulazio sistema irregular baten bidez altuera eta kapazitate ezberdinetako espazioak konfiguratuko dituzte. 

Materialak berak eman dizkidan aukerak eta baita mugatu dizkidanak ere, eskala kontuaz pentsatzera eraman naute. Zer sentsazio lortu nahi ditudan edo biztanleekiko ze gertutasun izan nahi dudan... noraino izango den desmuntagarria eta noraino herrirako ikono berri bat...

Ideia hoiekin maketan lanean jarrituko dut, bitartean hemen duzue orain arte lortutakoa.